Back

La Salle Eibarren: mende bat baino gehiago

1905. urtean Frantziatik alde egin behar izan zuten Salletar Anaia askoren artean Eibarrera heldu zirenak zeuden. Gogora dezakegu Combes Legea zela-eta, Eskola Kristaua aurrera ezin eramanez, hainbat herrialdetan barreiatu zirela Anaiak. Baina egonaldia motza izan zen: 1914. urtean Europako Gerrara deituak izan ziren Anaiak, eta Frantziara bueltatu ziren. Garai hartan Villamarciel Kontesarena zen Isasiko Jauregiko bazter batean kokatu zen La Salle Eskola, Isasi gainean, Frantziskotar Kontzepzionista monjen etxearen ondoan. San Jose izena zuen Ikastetxea hutsik geratu zen.

1922. urtean Eibarko Ugazabaren Presidenteak, guraso batzuekin batera, Eskola berriro irekitzeko asmoa azaldu zuen. Horretarako Kongregazio desberdinekin hitz egin zuten: Salletarrek ezinezkoa adierazi zioten, Anaien gabezia zela-eta. Azkenean, Jesusen Bihotzaren Anaiek hartu zuten Eskola zaharraren ardura, “Colegio de la Inmaculada de Arrate” izenarekin.

1931. urtean Eibarko erretore zen Urroz jaunak, hezkuntzaz kezkatuta zeuden beste eibartarren laguntzaz, “Asociación Propulsora de Enseñanza” eratu zuten. Helburua: Eskola indartzea eta kristau balioen heziketa bermatzea. Isasiko Jauregia txikia geratu zenez, Eskola berria eraikitzeko pausoak ematen hasi ziren. Parrokiak aurretik erostiako lurra jarri zuen, Armeria Eskola ondoan, oraingo La Salle Isasiko lur saila, hain zuzen. 1933.ean irekitzen da “Grupo Escolar José Antonio Guisasola” deituriko Ikastetxe berria. Guisasolak eraikuntzaren ordainketa garrantzitsua egin omen zuen. Gainera, Errepublika garai hartan ez zen komeni izen erlijiosorik azaltzea. Korazonistak ere paisanoz eta maisu nazional kontratuarekin zebiltzan.

Hemendik aurrera: Guda Zibila, gerra ondorengo eskasiak, etorkin kopuru handia, jaiotze-tasa gora, etab. Azken faktore hauek eragiten dute Isasiko Eskola leporaino egotea. Badirudi 1954-1955 ikasturtean 200 ume geratu zirela kalean, matrikula egin ezinik.

Hau dela-eta, APEk bigarren Ikastetxearen behar nabarmena ikusita, La Sallerekin hitz egiten du berriro. Oraingoan, baietza jasotzen du, baina kokalekua (Karmeldarren parrokiaren inguruan edo) arbuiatzen dute, baldintza eskasak zituelako. Azkenik, Asoziazioak Untzueta Jauregia erosten dio Narbaiza Jaunari 1.900.000 pezetaren truke.

Ikastetxe hau 1958ko azaroaren 30ean inauguratzen da ofizialki, Azitaingo Ama-La Salle izenarekin, gertuko baselizako (gaurko parrokiako) Ama Birjinaren antzinako irudi baten eta La Salleko Joan Bautista Donearen omenez.

La Salle Eibarrera duela 100 urte baino gehiago iritsi zen. Bi egonaldien artean 40 urte pasa baziren ere, Isasiko Eskola izan dugu bata eta bestearen arteko lokarri. 1970. urtean La Sallek hartu zuen bere gain Isasiko ardura pedagogikoa.

Gaur egun, La Salle Eibar esaten diogu, 2 urtetik 18 urte arteko gure hezkuntza proiektuari: 2tik 12ra Isasin eta 13tik 18ra Azitainen. APEk jarraitzen du Jabe izaten (Eibarko eta inguruko 600 familiek osatua) eta hemendik gutxira izenpetuko da bi erakundeon arteko hitzarmen berritua. Gure erronkak La Salle Ikastetxe gehienen antzekoak dira: nola erantzun txertatuta gauden gizarte honetako gaztediari, nola aldarrikatu Jesusen Berri On askatzailea inguru materialista eta sekularizatu honetan, nola piztu ilusioa gogorik gabe datozkigun gaztetxo eta nerabeei, nola integratu beste herrialdetatik iristen zaizkigunak, nola…