Eskola Agenda 2030
- Date 10/01/2025
Urtero bezala, aurtengo ikasturtean ere Eskola Agenda 2030 egitasmoan parte hartzen dihardugu. Dakizuen bezala, egitasmoa hau Nazio Batuetako Erakundeak 2015. urtean onartu zituen Garapen Iraunkorrerako 17 Helburuetan oinarritzen da eta helburu hauen bidez, mundu mailako pobrezia desagerrarazi, planeta babestu eta pertsona guztien oparotasuna bermatu nahi da.
Isasiko gaia eta erronkak
Ikasturte honetan, Isasin, “Ekoizpen eta kontsumo arduratsua” (Garapen iraunkorreko 12. helburua) lantzen ari gara. Urte batzuk daramatzagu hamarretako osasungarriaren alde egiten eta aurten ere horretan ari gara, baina, tarte berezia eskainiko diogu hamarretakoa ekartzen duten bilgarriei ere. Aurretik aipatu bezala, lantzen ari garen helburua ekoizpen eta kontsumo arduratsua denez, garrantzitsua iruditzen zaigu hondakin gutxiago sortzea eta gure ikasleak kontzienteagoak izatea. Beraz, ikasleen hamarretakoak gero eta osasuntsuagoak izatea dugu helburutzat, eta hauek ekartzen dituzten bilgarriak berrerabilgarriak izatea.
Bestalde, patruila berdeek martxan jarraitzen dute. Kurtso hasieran ikasle boluntarioak bilatu genituen, talde desberdinak sortu ziren eta aste bakoitzean talde bat arduratzen da patioan sortzen den organikoa eta plastikoa kaleko edukiontzietara botatzen. Talde hauek 8 ikaslez osatutakoak dira eta gutxi gorabehera, hiruhilekoan behin egin behar dute lantxo hau. Patio orduetan geletako argiak itzalita daudela ere ziurtatzen dira, alferrikako kontsumoa ekiditeko.
Azitaingo gaiak eta erronkak
Azitainen bi gai lantzen dihardugu. Herri mailan “Ekoizpen eta kontsumo arduratsua” lantzen ari gara gu ere, baina ikastetxe mailan “lehorreko ekosistemetako bizitza” (garapen iraunkorrerako 15. helburua) lantzeari ekin diogu.
Gai horien inguruko diagnostikoak egitea eta hurrengo urterako eskuhartze plana prestatzea da aurtengo egitekoa. Eskolari dagokionez ordea, diagnostikoa aurreratuta daukagunez, aurten burutzeko ekintza bat daukagu aurreikusita. Erronka berezi bat; erabilera didaktikorako urmaela sortzen hasi gara eskolako ortuan.
Eskoletan urmaelak sortzeko ideia Alemaniatik ekarri zuen Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Sailak. Euskal Herrian antzeko esperientzia bat egitea pentsatu zen orain dela urte batzuk eta esperientzia berritzaile horrek jarraiera izan du beste eskola batzuetan.
Urmaela sortzea, dudarik gabe, ingurumenaren eta biodibertsitatearen aldeko pausu garrantzitsua ematea da. Urmaelak, biodibertsitatearen iturri dira, baina era berean, funtzio interesgarria bete dezakete dibulgazio eta hezkuntza mailan. Izan ere, urmaelak hezkuntzan ekosistema baten modelo moduan erabili daitezke, funtzionamendu ekologikoaren inguruko kontaktu zuzena ahalbidetzen duten ikerketa eta behaketa jarduera ezberdinak egiteko. Hau da, ikasleentzako laborategi natural erakargarriak izan daitezke, hainbat eduki eta konpetentzia lantzeko gune egokiak.
Guk gure urmaela sortu nahi dugu, eta ondoren eskoletako urmaelen sarean ere sartu. Hau izango da ikasturte honetako erronka nagusia.
Horrez gain, lehorreko ekosistemetako bizitzarekin lotuta, liztor asiarraren proiektu pilotu batean sartu gara. Espezie inbaditzaile hau ohikoa da gure eskola inguruan, eta ikasleekin garatzeko ikerketa-proiektu oso interesgarria da.
Garapen iraunkorraren bidean, ingurumen hezkuntza garatzen jarraitzen dihardugu eta zuek ere, gurekin batera, egitasmo hau aurrera eramatera gonbidatuta zaudete. Beti bezala, zuen proposamenak ongietorriak izango dira!