Udalarekin, Debegesarekin eta herriko gainontzeko ikastetxeekin bat egin dugu Agenda 2030 lantzeko

Eskolako Agenda 2030 Debabarrenean

Urtero bezala, aurten ere Eskola Agenda 2030 programarekin bat egin dugu, Garapen Iraunkorreko Helburuetan oinarrituta, hezkuntza komunitatea hezi eta hobekuntzak egiteko asmoz. Zeregin horretan, eskualdeko udaletxeak eta Debegesa, Eskolako Agenda 2030 egitasmoa sustatzen eta koordinatzen aritu dira. Egitasmoak hiru helburu ditu:

  • Ikastetxeak ingurumen eta gizarte jardunbide egokien eredu bihurtzea.
  • Ingurumen eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta horiei konponbidea emateko gai diren ikasleak heztea.
  • Partaidetza eta  ingurumenarekiko errespetua sustatzen duen hezkuntza bermatzea.

Guztira, Debabarrenean 20 ikastetxe ari gara parte hartzen Eskolako Agenda 2030ean, eta programaren baitan, hezkuntza komunitate osoari zuzendutako ekintzak antolatzen dira, ikasle, irakasle zein familientzat. Aurten ere “Energia eskuragarria eta ez-kutsagarria” gaia landu dugu.

Eibarko ekimena

Herri mailan, aurreko ikasturtean, udalerriko energia diagnosia egin genuen, eta hainbat proposamen egin genizkien udal ordezkariei, energia kontsumoa murrizteko helburuarekin. Aurten aldiz, diagnostiko horretatik abiatuta, proposamen baten inguruan jardun dira buru belarri ikasleak. Zehazki, energia kontsumo arduratsua bultzatzeko pegatinak diseinatzen aritu dira.

Pegatinak hainbat udal eraikinetan itsasi dira, hala nola Portalea kulturgunean, udaletxean eta Orbea eta Ipurua kiroldegietan. Ekimenaren helburua herritarrak energia era arduratsuan kontsumitzera animatzea izan da.

Eskola bakoitza gai baten inguruko pegatina diseinatzeaz arduratu da. Isasin L.H. 4., 5. eta 6. mailako ikasleen artean lehiaketa egin genuen eta Ilham Zamanik diseinatutako marrazkia izan zen irabazlea, energia aurrezteko mezuarekin. Azitainen, ateak itxita mantentzeko mezua prestatzea tokatu zitzaigun. Hemen ere lehiaketa bat antolatu genuen eta aurkeztutako lanen artean, DBH 3. mailako Zigor Mutilbak diseinatutako marrazkia izan zen irabazlea.