


Gure eskolak beste pauso bat eman du ikaskuntza esperientzia biziago eta praktikoagoen alde: erabilera didaktikorako urmael bat sortu dugu baratzearen eremuan. Proiektu hau aire zabalean ikasteko espazio berriak sortzeko gure asmoaren lehen urratsa izan da, eta ilusio handiz bizi izan dugu komunitate osoak.
Argazkia: Urmaelaren itxura gaur egun Urmaelaren sorrera ez da lan makala izan: makineriarik gabe, eskuz egin dugu guztia, eskolako ikasle, irakasle eta langileen parte-hartzearekin. Txandaka, DBH eta Batxilergoko ikasleek zuloa egin, plastiko eta tela babesak jarri eta ingurunea prestatu zuten animalia talde desberdinentzako baldintza egokiekin. Horrela, eskuz egindako lan kolektibo batek natura eta ikaskuntza uztartu ditu.
Argazkia: Ikasleak urmaelaren zuloa egiten Urmaela dagoeneko biziz betetzen hasi da: zapatariak, odonatuak eta bestelako ornogabeak agertu dira, eta lehen anfibioen zain gaude. Hori guztia aukera bikaina da ikasleek ingurumenaren funtzionamendua zuzenean behatzeko eta ikerketa txikiak egiteko.
Argazkia: Burruntzi zapala (Libellula depressa), urmaelean ikusi ditugun odonatu espezietako bat
Gainera, gure eskola Euskal Herriko Eskoletako Urmaelen Sarean (EUS) sartu da, ingurune horiek hezkuntza-helburuetan erabiltzen dituzten ikastetxeen sarean. Horrela, beste eskolen esperientziak ezagutu eta partekatzeko aukera izango dugu.
Urmael berriak laborategi natural moduan jardungo du aurrerantzean, hainbat arlo eta konpetentzia lantzeko: zientzia, matematika, hizkuntza, artea… Eta noski, naturarekiko harreman estuagoa bultzatzeko.
Eskerrik asko ikasle, irakasle eta langile guztiei proiektu hau posible egiteagatik. Zikindu gara, barre egin dugu, eta elkarrekin ikasi dugu. Eta hori da, hain zuzen, gure urmaelaren benetako balioa.