ESKOLA AGENDA 30

Aurtengo ikasturtean orain arte bultzatu eta landu dugun Eskolako Agenda 21 programa Eskola Agenda 2030era eraldatuko da. Agenda berri hau Nazio Batuetako Erakundeak 2015. urtean onartu zituen Garapen Iraunkorrerako 17 Helburuetan oinarritzen da eta helburu hauen bidez, mundu mailako pobrezia desagerrarazi, planeta babestu eta pertsona guztien oparotasuna bermatu nahi da.

Eskola Agenda 21etik Eskola Agenda 30era eraldaketa fase honetan, aurreko urtean landu genuen gai berari helduko diogu aurten ere: “ekoizpen eta kontsumo arduratsua”, Garapen Iraunkorrerako 17 helburuetako bat hain zuzen ere. Ezin dugu ahaztu “Bidezko Merkataritzaren Aldeko Ikastetxea” ziurtagiria duela gure ikastetxeak, eta beraz bete-betean dator bat eskolan aspaldidanik landu izan dugunarekin.

Urtero bezala, gai hori ardatz harturik, gaia landu, diagnostikoak egin, ekintza ezberdinak aurrera eraman eta herri mailako proposamenak burutu beharko dituzte ikasleek, eta ikasturte amaieran, udaletxeko pleno batean aurkeztuko dituzte.

Garapen iraunkorraren bidean, ingurumen hezkuntza garatzen jarraitzen dihardugu eta zuek ere, gurekin batera, egitasmo hau aurrera eramatera gonbidatuta zaudete. Zuen proposamenak ongietorriak izango dira, noski!